Azalpena
Firringila aerofonoen familiako soinu-tresna da.
EGITURA
Karratua edo biribila izan daitekeen taulatxo lau batekin egiten dira firringilaren moduko hots-tresnak; xafla zurezkoa, harrizkoa edo metalezkoa izan daiteke.
Xaflari eragiteko, erdian bi zulotxo egin eta horietatik sokatxo bat pasatzen da, lazo gisakoa osatuz.
JOERA
Bi eskuekin lazoa zabaldu behar da, xafla erdian utzita. Ondoren soka bihurritu behar da, xafla erdian mantenduz. Eskuak zabaltzerakoan soka hasierako posiziora bueltatzen da, abiadura handian jiratuaz eta zurrunbilo hotsa eginez. Soka lasaitzean, inertziaz, kontrako noranzkoan biribilkatzen da; berriro lazoa tenkatzean, xaflak kontrako noranzkoan jiratzen du.
HISTORIA
Firringila motako hots-tresnei buruz jasotako informazioa aurki daiteke hainbat idazlanetan: Aita Donostiak (1952) firringila = bramadera aipatzen du, zurezko taulatxoarekin, eta Arabako haur-jostailuen artean “Zurrunbero, berunezko edo beste metal bateko disko txikia, erdian bi zulotxo dituena, eta horietatik soka edo lokarri bat pasatzen da birarazi eta burrunba egiteko”12.

Firringila jotzen. Oiartzun, 1999. (Arg.: Soinuenea)

Firringila. JMBA Bilduma, 712 zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)
Etnikerrek argitaratutako Juegos infantiles en Vasconia (1993) lanean aipatzen zaigu Gardeko (Nafarroa) furrunba izeneko hots-jostailua, makilatxo edo botoi batekin egina.
Karmele Goñik Etnografía en Zerain (1985) idazlanean jaso zuenez, Zeraingo haurrek erabiltzen zituzten harriz eta metalez egindako firringila motako hots-tresnak:
Arri bat, txabala, gehienetan arbela, bi zulo egin, bat bestean ondoan, erdian, soka sartu bi aldetan. Jokua: soka hartu eta bi eskuetan tinkatu bi aldeetara zabalduz, bueltak eman gogor eta dantza eraginez, (berandugo sortu ziran joku au egiteko, latan txapak eta hari-karrete hutsak).
(Goñi, 1985, 695 or.)
TAILERRA
Tablatxo bat hartu eta nahi dugun neurrian moztu, atera nahi dugun hotsaren eta erabili behar duenaren arabera. Erdian bi zulotxo egin.

Hauetatik sokatxo bat sartzen da eta sokaren bi muturrak korapilo batekin lotzen dira.

Botoiekin eginez gero aurreko bi urratsak eginak ditugu.
OHARRAK
12 Donostia, 1952, 257-309. or.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2002): Juguetes sonoros. (Folklore musical Infantil, III). Akal / Didáctica de la Música, 6.
DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia, II. liburukia, 257-309. orr. Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1983.
ETNIKER. (1993) Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Eusko Jaurlaritza.
Irudi galeria
Audioa
Firringila joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 70
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Libreak
- Oharrak:
- FIRRINGILA

